Fulya Erdemci, 2016

Errealitatearen loturak askatzen

Zergatik ez dugu barre-algararik egiten Maider Lópezen lanekin, gehienak komikoak badira eta, batzuetan, absurduaren mugetan mugitzen badira ere? Esaterako, pertsona oso ezberdinak bildu zituenean Aralar mendian auto-ilarak sortzeko; edo Ottolandeko polderretan futbol-txapelketa ezinezkoak antolatu zituenean, ur-kanalek alde batetik bestera zeharkatutako zelaietan; edo Renneseko igerileku batean 85 igerilariri eskatu zienean lerro zuzenean igeri egiten zezatela.

Jacques Tati zuzendari frantziarraren lanekin gertatzen den bezalaxe, karkara artean beharrean, irribarre lotsati batekin hartuko dugu Lopezen lana, artistaren umore-estiloarekin bat egiten duen zorion diskretuarekin. Gauzen ordena zertxobait aldatzen, mugitzen edo alteratzen denean gertatzen dena ikusaraziko digu Lopezek. Eguneroko bizitzarekin, inguratzen gaituzten espazioekin edo pertsonen arteko harreman arruntekin loturiko xehetasun txikien bitartez, gure begiak gauzen egiturara edo ordenara zuzenduko ditu. Hala, guztiak direla ahulak eta beste modu batera ere izan litekeela ulertaraziko digu.

«Norberaren antolakuntzak bide kolektiboak sortzen ditu» : Soziabilitate-ereduak

Lopezen lanak askotan eskatzen du jendearen parte-hartzea. Are gehiago, bere obra parte-hartze horren inguruan antolatuta eta egituratuta dagoela esango genuke, eta gizartearen hainbat mailatako jendea bilduta, egoera ezohikoak, aurkakoak eta, hein handi batean, ezinezkoak eragiten ditu. Soziabilitate-eredu espezifikoak proposatuta, inspirazioa eragiten du jendearengan gauzak egin ditzaten: adibidez, Zumaian hondartzako toalla gorriak erabiltzeko, edo Guggenheim Bilbao museoaren eraikinaren behin-behineko luzapen bat egiteko (simulatzeko), edo Budapesteko Kateen Zubia desagerrarazteko Danubioaren kolore bereko aterkien azpian.
«Ataskora etorri zen pertsona bakoitzak arrazoi bat zuen etortzeko, eta horrek pizten dit interesa. Normalean manifestazio batera joaten zarenean hark aldarrikatzen duen ideiarekin edo ideologiarekin bat zatozelako izaten da» zioen Lopezek konferentzia batean Ataskoa lanari buruzko galdera bati erantzunez. Proiektu hori 2005ean egin zuen, Aralarren, eta herrialde osoko eta jatorri, talde, komunitate, klase, adin eta genero desberdinetako pertsonak bildu zituen, baita hura antolatu zen Intza udalerriko biztanleak ere. Elkarren aurkako ahotsak ere izan ziren bertan; alde batetik, auto-maitaleak edo bildumagileak, beren auto zaharrak erakusteko joan zirenak, eta, bestetik, ekologistak, ekitaldia autoaren kulturaren eta hark eragiten duen kutsaduraren aurka egiteko aukera gisa ikusi zutenak. Proiektu honetan talde ekologistek arrazoi politiko argi bat zutela badirudi ere, artistaren helburua ez da izaten artea eta aktibismoa lotzen dituzten proiektuak sortzea. Interes handiagoa du eredu mikrosozialetan, hortxe aurreikusten eta eraikitzen baititu pertsonen arteko topaketa ustekabeko, intimo eta paregabeak sortzeko aukerak.

«Artelan orok sortzen du errealitatearen esparrua iraultzen duen soziabilitate-eredu bat» Eta beraz, ekoizpen estetiko baten aurrean gaudenean, galdera hau egin diezaiokegu geure buruari: «Ematen al dit lan honek elkarrizketa bat ezartzeko aukera? Existitu ahalko nintzateke zehazten duen espazioan? Nola? Nicolas Bourriaud-ek bizikidetza-irizpidea proposatu zuen 1990eko hamarkadako artea «arte erlazional» gisa definitu zuenean. Bourriauden arabera «arte-praktika horien xede teorikoa gizakien arteko harremanen esparrua eta haien testuinguru soziala lirateke, espazio sinboliko, autonomo eta pribatu bat berrestea baino gehiago».
Artelanak bere ingurune fisikoarekin, hiritarrarekin, sozialarekin, politikoarekin eta ekonomikoarekin eta testuinguru historikoekin erlazionatzeko daukan gaitasuna eta publikoarekiko hartu-emana funtsezkoak dira, halaber, Lopezen lanean. Horrekin lotuta, Lopezen lana estetika erlazionalen esparruan sar daiteke. Nolanahi ere, bere proiektuen oinarria batik bat gizakien arteko harremanetan bitartekari izatea bada ere, bisualitatea eta forma ere artistaren proiektuen zati garrantzitsuak dira, estetika erlazionala formarekin lotuta. Jai-giroko topaketak antolatzen ditu, edo ekitaldietan oinarrituriko proiektuak mikro-sozializazioak sustatzeko. Sozializazio horiek beti dute alderdi bisual indartsu bat eta espazioaren antolakuntza formal handi bat, eta horregatik esaten dugu artelan berezi eta paregabeak direla haien emaitza.

Eguneroko bizitzaren politikak artikulatuta, kasu bakoitzean estrategia eta plan espezifikoak sortzen ditu gizartearen hainbat mailatako pertsonak nola eta zer baldintzatan bilduko diren eta ekingo duten ikertzeko eta probatzeko, bereziki bizi dugun garai zail hauetan. Dena dela, Lopezen praktika giza harremanak lantzetik edo publikoari aldaketarako bere gaitasuna gauzatzeko indarra emateko borondatetik harago doa. Behin-behineko egoerak sortzen ditu berezitasunak/subjektibotasunak lantzeko, eta aldi berean plataforma komun bat eraikitzen du haiek guztiak biltzeko eta batera ekin dezaten lortzeko.

Bizikidetza eta hibridotasuna dago bere lanaren atzean; esaterako 2007an Sharjahko 9. Bienalaren testuinguruan gauzatu zuen Football Field (Futbol zelaia) proiektuan. Bertan, hiriko plaza tradizional bat futbol-zelai bihurtu zuen baina, aldi berean, plazaren aurreko erabilera guztiei eutsi zien, baita bertako altzari guztiei ere –bankuak, farolak eta abar–, eta hala, futbol-jokalariak zein plazara joan ohi zen jendea baldintza berrietara egokitzera behartu zituen, baina ez hori bakarrik, egokitzeaz gain, hiriko espazio publikoen gaineko ezohiko esperientzia bat bizitzeko aukera eman zien, baita aparteko interakzioak eta komunikazioak lantzekoa ere. Arkitekturaren goitik beherako diseinuari eta funtzio zehatzei desafio eginez, alterazio eta esku-hartze txikien bitartez, gune publikoak berrasmatzen saiatzen da, publiko zabal baten ekintzen, erabileren eta eguneroko errutinen bitartez.

Batzuetan, leku/geografia baten testuinguru espaziala eta eduki espezifikoa hartzen ditu bere proiektuen abiapuntu gisa –Aralarreko mendiak, Herbehereetako polderrak edo Danubioren gaineko zubia–, eta ekitaldiak antolatzen ditu leku horietan. Beste batzuetan, ordea, behin-behineko gatazka mikro-sozial eta interakzio hibrido horietarako gaitasuna duten espazioak aurkitzen eta nabarmentzen ditu. In Situ (2012) lanarekin, esaterako, bederatzi espazio publiko bilatu zituen Urdaibain, topaketa laburretarako tartea ematen zutenak: jendea ur-botilak betetzera joaten den iturria, pertsonak hesiaren atzean itxarotera behartzen dituen trenbide-pasagunea, edo Bermeoko udaletxearen sarrerako bi bankuak, ohiz kanpoko topaketetarako bide ematen dutenak.

Bestalde, Istanbuleko 13. Bienalerako egin zuen Making Ways (Bideak egiten, 2013) lanarekin, istanbuldarren mugimendu kolektibo espontaneoak aztertu zituen Karaköyko oinezkoentzako pasabidean. Karaköy garraio gune nagusietako bat da hirian, eta oinezkoek eta zirkulazioak espazio bera partekatzen dute bertan. Lopezek airetik filmatu zuen pasabidea, material horrekin bideo bat egiteko; bertatik, 2013ko abuztuaren 2an, 2 minutuz eta 15 segundoz, 18:03tik 18:05era, oinezkoek ausaz hartutako ibilbide kolektiboak atera eta nabarmendu zituen. Istanbuldarren eguneroko jardunak ezkutatzen duen potentziala eta ohiko ekintza sinpleen bidez norberaren antolamendurako praktikak azaleratuta, «Erabiltzaileen gida» bat sortu zuen kaleak zeharkatzeko moduei buruzko jarraibideak emateko, eta, agian, zerbait gehiagorako: «Gauzak taldean egitea errazagoa » edo «Norberaren antolamenduak bide kolektiboak sortzen ditu».

«Hormak gure suposizioak biltzen ditu» :Errepresentazio-erregimenak

Gutako gehienok uste dugu bizitzako praktika komunak arautzen dituzten kontratu sozialak, espazialak eta konstituzionalak benetan beharrezkoak direla. Are gehiago, arkitekturaren, hirien (eraikitako inguruneak) eta bizi garen gizarteen arrazionaltasunean eta atzean dituzten arau zorrotzetan sinesten dugu. Ez ditugu zalantzan jartzen ez xehetasunik txikienak, ez konfigurazio handiagoak ere; aldiz, haiek gure egiten saiatzen gara. Uste sendo horiek abiapuntu gisa hartuta, Lopezen proiektuek hainbat leku eta egoera sortzen dituzte espazioarekin loturiko esperientzia bereziak eragiten dituztenak, baina, are gehiago, honakoaz jabetzeko aukera ematen digute: «zenbait gauza ez ikustea “adosten” dugula, edo bestela esanda, hainbat gauza ziurtzat ematen ditugula» .
Haien edukia eta testuingurua gorabehera, Lopezen proiektuek jendea eta espazioak dituzte xede, eta zehazki nola erlazionatzen diren batzuk besteekin. Lopezen praktikaren ardatza erlazio hori ia konturatu gabe azaleratzen duten esku-hartze espazialak dira; haien bitartez gure pertzepzioa aldatzen du, errepresentazio-erregimenen gaia publikoaren esperientziarekin lotuta. Galerietara edo museoetara joaten garenean, erakusketari buruzko gure apreziazioak eta komentarioak han ikusitako lanetan zentratzen dira gehienetan, eta ez horrenbeste guk haiek jasotzeko edo ikusteko dugun moduan: arte-lanak eta arkitektura. Normalean «kubo zuriaren» hormetan dauden lanak soilik ikusten ditugu guk, lanen forman eta edukian eragina izan dezakeen edozer konnotaziotik fisikoki bereizita eta isolatuta, eta ez diegu erreparatzen erakusketa antolatu den lekuaren arkitekturari ez antolamendu espazialari, ziurtzat ematen baitugu lanaren pertzepzio «garbia» errazten dutela. Are gehiago, gure pertzepzioa erabat garbia dela pentsatu ohi dugu, ezerk ez duela eraginik harengan. Brian O’Dohertyk honako hau adierazi zuen galerien espazioaren ideologiari buruzko bere liburu ikonikoan: «Galeriako horma erabat garbia, eboluzioaren produktu hauskor eta erabat espezializatua izan arren, ezpurua da. Merkataritza eta estetika ditu barnean, etika eta komenientzia, artista eta publikoa… Hormak gure usteak biltzen ditu (“The wall is our assumptions”)» .

Esku-hartze espazialen bitartez, Lopezek gure usteak eta itxaropenak etetea bilatzen du, publikoaren, arte-lanaren eta espazioaren arteko harremanean esku sartuta. Adibidez, lurzoru mugikor eta ezegonkorrak sortu zituen Veneziako 51. Bienaleko (2005) Italiako pabiloian sartu ziren pertsonen hasierako esperientzian eragiteko; 2007an, ARCO azokako proiekzio-aretoan, erakusketarako gune osoa hartzen zuten horma osagarriak egin zituen publikoa ia lekurik gabe utzita, arte-azoken alegoria gisa, eta erakusketarako gunea oztopatzeko 110 zutabe jarri zituen 2006an Caixa Forumen. Era berean, Koldo Mitxelena Kulturuneko beheko solairuan dagoen erakusketa-aretoan den bere proiektu berrienean, Tokialdatu (2015), normala baino lodiagoak diren erakusketa-guneko hormak bikoiztu egin ditu 140 cm aurrera mugituta eta 190 cm alde batera. Hala, publikoaren pertzepzioan esku hartzen du, espazioaren (edukiontzi gisa) eta artelanaren (eduki gisa) arteko harremana aldatuta: arkitektura artelan bilakatzen da. Hormen garaiera 50 cm denez, goitik ikus daitezkeen objektu eskultural abstraktu bilakatzen dira, eta agerian uzten dute hormen benetako tamaina eta eskala erakusketa-aretoaren planoarekiko.

Espazioaren semiotikari buruzko ikerketa Lopezek museoetarako sortu dituen hainbat proiektutan errepikatzen den gaia da. Galeria baten espazio osoa gure zelai bisual gisa ulertuta, Lopezek hainbat gailu teknikoren existentzia bera azpimarratu du esaterako; adibidez aire-girotuaren aparatuak edo zaintzarako gailuak, baita besterik gabe onartzen edo ziurtzat ematen ditugun seinaleak ere. Vigoko Marco museoan, segurtasunerako zeuden kameren kopurua biderkatu zuen 2008an, eta hala, kutsaduraz-edo museo guztitik zabaltzen diren onddoen antzeko organismoak imitatzen zituen instalazioa sortu zuen. 2008ko 5. Scape Bienalaren testuinguruan, Christchurch arte-galeriako seinaleei beste seinale batzuk erantsita, museoetako «erabilerraztasun» politiketan jarri zuen arreta, batzuetan beren helburuen mugetatik harago joaten direla azpimarratzeko.

Baina espazio fisikoei buruz dugun pertzepzioa aldatzeko, Lopezek ez du haien fisikotasunean bakarrik esku hartzen, gure pertzepzioan ere egiten du halakorik, ikuspegi-aldaketa arinen bitartez. 2008ko Off_Sight proiektuan deialdi ireki bat egin zien Christchurcheko (Zeelanda Berria) biztanleei hiriko aire-zabaleko merkataritza gune nagusian elkar zitezen, 2008ko irailaren 4an, hala, denden eta enpresen kaleko iragarkiak guztien artean ezkutatzeko. Eskuetan objektu arruntak zituen (aterkiak, lorontziak, urtebetetze-tartak, gitarrak, maletak edo globoak) jendearen kokapenak eta jarrerak koreografiatu zituen, betiere ikuspegi jakin batetik begiratuta, iragarki guztiak desagerrarazteko. Proiektuaren helburua ez zen soilik deialdi sozial baten bidez jende multzo bat biltzea bide publikoko seinaleak estaltzeko; artistaren hitzetan asmoa «pertsonak hiriko espazioa eraldatzeko eta hiria sortzeko duten gaitasunaz ohartaraztea» zen.
Ariketaren ondorioz lortutako eszena –eskuetan hainbat objektu dituen eta jarrera arraroetan dagoen jendez betea, besoak luzatzen, eserita, irakurtzen, oinez edo pibote baten gainean igota iragarkiak estaltzeko–, nekez gertatuko den egoera bat edo egoera absurdu bat izan arren, ekintzen bitartez –lehen begiratuan zentzugabeak badirudite ere– gure ingurunea eraldatzeko aukera erakusten digu.

«Jarraitu betaurrekoak dituen norbait nonbaitera iristen den arte» : Mapak sortzen

Egituraren eta kaosaren, arrazionalaren eta irrazionalaren, kausalitatearen eta kasualitatearen arteko harreman konplexuak markatzen du Lopezen lana, kointzidentziaren ustekabeko premia eta zoriak bizitzako gertaeretan duen eragina azpimarratuta. Agian inola ere gertatuko ez dela iruditzen zaigun hori izango da gertatzeko aukera gehien duena, baina, hala ere, hori ikertzeak pazientzia eta esfortzu itzela eskatzen du, 2006an Rotterdamen egin zuen egonaldian gauzaturiko Crossing proiektuan erakutsi bezala.
Batzuetan arkitekturako elementuen koloreak eta elementu horren aurretik igarotzen den pertsonen jantzien koloreak bat egiten zutela konturatuta, aurretik pasatzen den pertsona horren kamuflajea eragiten duen harreman horretan pentsatzen hasi zen. Hori gertatzeko aukerak areagotzeko, kolore berezia zuten jantziak zeramatzaten pertsonak begiztatu eta jarraitzen zituen kointzidentzia hori gertatu arte, edo kolore bitxiko eraikin bat bilatu eta han geratzen zen zain, eraikinaren kolore edo kolore-konbinazio bereko arropak zituen norbait igaro arte. Gertaera horien atzean araurik dagoen edo pertsonek eginiko kolore-aukerek arrazoi kulturalen bat ezkutatzen duten ulertzeko gai ez izan arren, behintzat badakigu zer prozesu dagoen halako proiektu baten atzean, eta nolako harremana izan duen artistak hiriarekin, leku batetik bestera «noraezean» ibilita, kolore baten ala bestearen atzetik edo bila. Artistak hirian barrena noraezean ibiltzeko jolas propioa sortuko du, Dérive kontzeptu situazionistari jarraiki, alegia hirian barrena ibilita helburu jakinik gabe, arkitekturako elementu batek edo leku bateko hiri-ehundurak edo kale baten espazio-antolamenduak sortutako sentimenduei bakarrik jarraituta, hiriaren mapa ofizialei jarraitu ordez; izan ere, mapa horiek merkataritzaren, turismoaren eta interes ideologikoen arabera kategoritzatzen dituzte hiriak, eta gainera, guk haietan dugun esperientzia mugatzen dute.

«Jarraitu betaurrekoak dituen norbait nonbaitera iristen den arte»: horixe da Jerusalemen 2009an egin zuen Another via proiekturako txarteletan irakur daitekeen jarraibideetako bat. Agindu zehatz horien bitartez, baina edozein hiritan edozein unetan aurki ditzakegun elementu oso arrunten arabera, Lopezek egitura jakin baten mugetatik askatu nahi gaitu hirian barrena noraezean ibiltzeko aske izan gaitezen, eta planeatu gabeko «planaz» goza dezagun. Internazionale Situazionista-ri eginiko omenaldia harago eraman zuen How do you live this space? (2010) lanean. Han Eskoziako Huntly herriko mapa «psikogeografiko» bat egin zuen bertako herritarren laguntzaz. Jendeari eskatu zion koloretako harriak jar zitzatela beraiek aukeraturiko herriko lekuetan, kode jakin batzuei jarraiki; adibidez, gorriak esan nahi zuen «leku hau aldatu edo hobetu nahiko nuke», eta urdinak «nire bizitzako gauza garrantzitsu bat gertatu zen hemen». Horretarako leku horiekin lotuta zituzten oroimenak eta esperientziak bakarrik hartu behar zituzten aintzat. Artistaren helburua guztion artean herriaren mapa kolektibo bat sortzea zen, bertako biztanleen pertzepzio subjektibo eta ikusezinak ikusgarri eginik.

Moving Stones (2015) proiektuan Kapadoziako Uçhisar herriko paisaiaren eraldaketa ikusezinari egingo dio erreferentzia. Bertako geografia bitxia da oso, leherketa bolkaniko itzelen eta beste fenomeno natural batzuen ondorioz formazio geologikoez ezohikoak baitaude eta harkaitzek ere egitura bigun eta oso espezifikoa baitute. Diotenez lurrazala 2-3 cm meheago egiten da urtero, euria, elurra eta haizea direla-eta. Paisaiaren aldaketa ikusezin baina nabarmen horrekin lotuta, ibilaldiak egiten zituen Lopezek egunero harriak leku batetik bestera eramateko. Planifikatu gabeko ibilbide espontaneo horiek dokumentatzeko GPS koordenatuak eta harriaren jatorrizko kokapena eta nora mugitu zen adierazten zuten argazki-pareak jaso zituen.
«Ez da harri berezi bat –dio Lopezek–, harri arrunt bat besterik ez; berezi bilakatzen da bakarrik hura aukeratzen eta gurekin garraiatzen dugun unean». Harriak ez dira baliotsuak ez bitxiak, eta haiek lekuz aldatzeak ez du ikusteko moduko aldaketarik eragiten paisaian. Italiatik munduko beste tokietara marmola mugitzen denean bezala, artea eta arkitektura sortzeko, edo obsidiana Anatoliatik, espekulaziorako eta gure begien bistatik kanpo dauden objektu ederrak sortzeko (hortaz, guretzat ikusezinak dira), halaxe egiten du Lopezek berak mugitu ezean leku berean ehunka edo milaka urtez –edo fenomeno natural itzel bat gertatu arte– geratuko litzatekeen lurreko materiala mugituta. Ikuspegi horretatik natura fisikoki aldatzen du, «neurtzeko moduan», eta behin betiko, eskala oso txiki batean izan arren. Eta hala gogorarazten digu gure ekintza txikienek ere ondorioak dituztela, nahitaez.

Detaile ñimiñoen bitartez, Lopezek inspiratu egiten gaitu bizi garen modua egituratzen duten harremanen sare konplexua trazatzeko eta askatzeko. Alferrikakoaren eta ezinezkoaren artean (baina inoiz ez garrantzigabea edo arina), irrazionalaren eta ustekabekoaren artean (baina inoiz ez zentzugabea edo arrazoigabea), eta eguneroko bizitzaren arrunkeriaren eta galdera metafisiko eta existentzialen artean (baina beti argitasunez), Lopezen proiektuek askatu egiten dituzte errealitatearen loturak hura eralda dezaketen irudizkoaren aukerak erakusteko.

Scroll up
Skip to content