Ixiar Rozas: In Situ, 2012
DIE URSACHE. GAUZAK
1. Iturriondo iturria. Gernika
Gorputz bat alde batetik bestera dabil, urrats bakoitzaren erritmoan. Goiza ederra da, zehazki zer ordu den ez dakit, buruan bisera jantzi eta kalera noa, idazkien gela atzean utzita. [1] Urratsak, marrak espazioan, marrak denboran, kontakizuna osatzen. Handik pixka batera iturri batera iristen naiz. Diotenez, Maritxuk Bartoloz eta Bartolok Maritxuz janztea erabaki zuten, eta horrela beren buruari auto- ospakizuna eskaini zioten, kanta tradizionaletik abiatuta kanta berri bat sortuz. Kanta malgua eta porotsua zen, zeruko koru batek kantatzeko modukoa, baina karaoke dekadente batean ere kantatzeko modukoa. Iturri bat balitz bezala kantatu zuten, etengabeko mantra batean. Txakur bat freskatzen ari da, iturri batean. Hodeiei begira dago. Zenbaitetan ura, hain gaizki tratatzen dugun ondasun komun hori, matxinatu egiten da, eta orduan bere alderik ez- otzanena erakusten digu. Uholdeak ez dira, ordea, naturaren apetak. Imajinatzen dut lurralde bat ur azpian murgilduta urteko egun guztietan, edozein hiri ikusezin bihurtuta. Txakurrak harri bat zapaldu du. Bete iturri bat ardo zuriz, eta joaten utzi.
2. Trenbide-pasagunea. Gernika
Hemen ezkontza bat antolatu nahi nuke. Errege-ezkontza bat errege-erreginik gabe. Errailen gainean harrapatuta geratzeko zorian egon diren guztiak elkartuko lituzke ospakizunak. Bizirik atera diren guztiak. Ezkontza ospatzeko, bizirik ateratako guztiak bilduko lirateke alde batean, eta bestean, berriz, bere garaian trenbidea egin zutenak, ahanzturaren lerroak bereiziak. Zeremonia “Nik… izendatzen zaituztet” esamoldearekin amaituko litzateke. Aldez aurretik pentsatu gabe idatzi dut testu hau, eta bere horretan utziko nuke berriz ere idatzi beharko banu.
3. Rosarioren postua. Merkatu plaza. Gernika
Argazki-albumak antigoaleko gauzak direla pentsa dezake norbaitek. Hainbat gorputzek osatutako albuma, hainbat aurpegi, esku, oin, azkazal, hortz, ile, hezur eta hezur-muin, eta hori immaterialaren aroaren erdian, gorputzik, usainik eta errairik gabeko garaian, zure haragiak eta nireak, gauaren iluntasunean. Bete espazio angeluluze bat, egunean behin. Bete espazio hori, gorputzez eta gauzez bete ere. Jarri angeluluzearen erdian, eta handik begiratu beren presentziarekin bermatzen diren bizitzen angelu guztietara.
4. Postontzia. Betrokolo. Mundaka
Postontzia inurri eta intsektuentzako etxea ere izan daiteke. Bidean noa, eta, aurrera egin ahala, denboren eta espazioen lerro bat marrazten dut, inurri eta intsektuentzako diagrama moduko bat. Testu ezagun bateko esaldi bat hartu eta eraldatu egiten dut. Out of the redness comes the blue. [2] Begiratu postontziaren barrutik kanpora. Uraren zurrumurrua entzun dezaket. Oso erreka emankorra dirudi. Txakur-zaunkak, zenbait txakur. Koreografia mugikor honetan eszenan jartzerik ez dago, eta egoera urratsez urrats osatzen da. Out of the blue comes the redness ere esan nezake, eta gauzek emakume-ukitu arina, haragi-usainduna, eduki dezaketela pentsatu.
5. Txatxarramendiko arrokak
Hari, medusari, burua ebaki zioten. Ederra zelako, eta babes-ezkutu gisa erabili nahi zutelako. Harrezkero, medusaren mitoa edertasunaren ikur izan da, baina baita ankerkeriaren adierazgarri ere. Ezkutu bihurturik, zaindaria da, babeslea. Antza denez, hizkuntza, hitzak harrizkoak bihur daitezke, aurrez aurre begiratzen ez badiegu. Dirudienez, dirua harrizkoa da denbora askoan aurrez aurre begiratu diogulako, eta zain omen dago, norbait askatzera noiz etorriko. Hura, bururik gabeko maskara, bururik gabeko gorputz baten bila dabilen maskara. Itsasertzean aurkitu dugu. Hortxe dago, eta orain arroka batetik begiratzen digu.
6. Laidarako ontzia. Txorrokopunta. Mundaka
Bere haurtzaroko oroitzapenen bat kontatzeko eskatzen diot norbaiti, hementxe hasten den oroitzapen bat. “Beti esaten didate jaio eta berehala hartu nuela itsasontzia, bost egun baino ez nituenean. Besoak asko mugitzen omen nituen, eta, azkazal luzeak neuzkanez, zauri bat egin nuen, eta negar batean hasi nintzen, ozenki. Aldamenean eserita zegoen emakumeak, ordea, paisaiaz gozatu nahi zuen, eta nire negarrak traba egiten zion. Emakumea tokiz aldatu zen eta nik negarrari utzi nion, baina ordurako iritsiak ginen”.
7. Baranda, Talaia. Mundaka
Baranda bat modu askotara erabil daiteke:
- Baranda ukituz
- Barandaren gainean txirristatuz
- Haren gainean oin-puntetan ibiliz
- Ukitu gabe, aurretik igaroz
- Barandatik zintzilikatuz
- Hura zurrupatuz
- Haren gainean etzanez
- Hura apurtuz
- Burdina puska bat hartuz
- Burdina puska horretaz galtzadarri bat hautsiz
- Burdina puska horretaz norbait joz
- Burdina puska horretaz norbait joz, minik eragin gabe
- Haren gainean patinatuz
- Olioz igurtzi ondoren, haren gainean kozinatuz
- Oihal batez estaliz, babeslekua egiteko
8. Frontoia, Talaia. Mundaka
Behin batean eskua jarri nuen euskal artista baten eskultura baten gainean. Toki metafisikoa zen, frontoi-itxura zuena. Burdina hotz zegoen. Denborak eta urteek bereizten gintuzten, baita irudizko pilota baten mugimendu azkarrak ere, angeluzuzeneko bi hormen artean ziharduena. Hustutako espazio hori bete nahi nuen eskuaz, horror vacui konpultsibo batean. Norbait poliki-poliki doa, frontoiko alde batetik bestera. Handik, beren presentziarekin bermatzen diren bizitza batzuetako angelu guztietara begiratzen du. Hutsunea gauzez ere bete zen. Die Ursache, kausa, Ursache-rik ez dago [3]. Gauzak irristatu egite dira, eta bertan jarraitzen dute artean.
9. Bermeoko Udala
Joseba Sarrionaindiak idatzi duenez, moroak gara, moroak behelaino artean. Dioenez, gu ere moroak gara, besteentzat guztiok ere moroak baikara. Moro onak eta moro gaiztoak daude, idazten du. “Moro guztiak ez dira berdinak, euskaldun guztiak ez dira berdinak. Zu beltza zara esaten dute etxeko nagusiek, beltzak beltz guztiak hain beltzak ez direla esan behar izan dezan”. [4] Ahanzturaren marrak bereizitako marinelak. Die Ursache, kausa. (Ur)gauza, ur-gauza. Uraren zurrumurrua entzun dezaket. Behin batean atopiaren inguruan idatzi nuen, eraldaketaren bat? deusen truke zerbait aldatzea? ekar lezaketen espazio eta utopien gabezia adierazteko. Gogoan dut honako hitz hauek idatzi nituela: atopian bizi gara gure herri eta hirietako kale gero eta pribatizatuagoetan, gure oinen azpiko lurra mugitzen delako sentsazioarekin, egonezin epidermiko batean. Orain, nonahi zaudela ere, espero dut zuri irakurtzen jarraitzea, baina, batez ere, itxaroten dut. Gure begiek elkar ukitzen dutenean, gaua edo eguna da?
[1] Robert Walser-en El paseo (1997, Siruela, Madril) eleberriaren hasieraren interpretazioa.
[2] “Out of kindness comes redness” [Adeitasunaren haritik gorritasuna dator] esaldiaz ari naiz, Gertrude Stein-en Tender buttons: objects, food, rooms (1914) liburuko pasarte batetik ateratakoa.
[3] Hélène Cixous-en El amor del lobo y otros remordimientos (2009) liburuaren pasarte baten interpretazioa. Azken horrek Thomas Bernhard-en autobiografia baten aipamena dakar berekin.
[4] Sarrionandia, Joseba : Moroak gara behelaino artean? 2010, Pamiela, Iruñea, 702. orr.