Maria Bella, 2005

Jakintza intelektuala, hitzarmen linguistikoa irudikatzen du mapak. Esperientzia fisikoa, zentzumenezko ekintza aldiz, lurraldeak. Javier Maderuelo

 

Bizi garen hiriak baldintzatu egiten gaitu bertatik mugitzen garen bakoitzean. Madrid bezalako hiri erraldoiek mugimendu oso desberdinetara halabehartzen gaituzte norbera aurkitzen den leku eta orduaren arabera. Madridek duen zailtasuna ezaguna da eta dituen berezitasunak hiri konplexu eta unitate gabeko bihurtzen dute.

Jolasa, gure eskueran dauden elementuetatik abiatuz istorioak asmatzea da. Jolasa, imaginatzeko, irudikatzeko modu bat da. Umetan, inguruarekin etxekotzen garenean, ingurura ohitzen garenean, dena posible dela eta dena existitu daitekeela suposatuz egiten dugu jolas. Dena existitu daiteke eta konbinaketa anitzekin gainera.

Ume batek hiriaren metaforarekin duen lehen enkontrua parke bat izan daiteke. Bertan bateratu ohi dira akzio- erreakzioak. Bertan izango du lehen esperientzia esparru publiko bateko espazioarekin. Baliozko araudi bakarra umearena izango da non dena beraren inguruan diseinatua izan den.Esparru horretan konzentratzen diren arkitekturek umearen mugimendua bultzatuko, kitzikatuko dute. Umeak bere lehentasunak finkatzen ikasiko du, eroso eta deseroso aurkituko den lekuak bilatzen, besteekin erlazionatuko da eta bere lurraldea, ingurua defendatuko du.

Denbora pasa ahala, ikasita daukagun guztia ohitura edo errutina bilakatu ohi da. Ezer ez da berria gure eguneroko esperientzietan. Gure gorputza ezagutzen dugu, gure inguruko geografia ezagutzen dugu, gure mugimenduak ezagutzen ditugu…Eguneroko ibilbidea definitua dugu, betiko lekuetara iristeko gurutzatu beharreko kaleak ezagutzen ditugu. Denbora asko daramagu berdina errepikatuz.

Gure jokatzeko erak zuzendu edo bideratu dituzten kodigoak aspaldidanik erabakita ditugu eta konfidantza itzela dugu beraiengan. Inguruko egiturak, estrukturak, aldatu daitezke eta seinale berriak bidali diezazkigukete, baina guk betiko kodigoak errepikatuz jarraituko dugu. Gure kodigoak ez ditugu zalantzan jarriko, ez ditugu kuestionatuko. Gure pausoak gidatzeko ikasiriko mapak dagoeneko ez  du lekurik esperientzia berrien lurraldean.

 

Maria Bella

Scroll up
Ir al contenido